XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neke-oparitzat eskeintzen dan arimak, bere barne ondoko isiltasunean, abade izateko dei bizi eta ezkutua ohartzen dau.

Honela inoan gizaldi honen lehenengoetan hil zan Irutasun Deunaren sor Isabelek, mistikako goi-goiak gainditu zituan lekaime karmeldarrak.

Eta gurari hori beretzat lortuezina zala jakinik, irrika bizian lehiatuta, hauxe autortzen eban: Lurrean dagoan gauzarik santuena abadetza da.

Lisieux-ko Teresa deunak ere lerro sutsu eta gogoangarriak idatzi zituan bere bizitzako liburuan.

Beste dei batzuk ere sentitzen ditut neugan: gudalari deia sentitzen dot; elizgizon deia; apostolu deia; irakasle deia; martiri deia.

Apaiz deia somatzen dot neugan; benetako maitasunez eroango zindukedaz nik zu eskuetan, o Jesus, neure agoaren hotsera zerutik jatsitakoan.

Nik bai Zu pozik arimai eroan!

Txikia nazala ere, arimak argitu nahi neukez igarleen antzera; ikasleak lez apostolu deia daukat...

Lurra zeharkatuko neuke; zure izena oihukatu eta sinisbakoen lurrean zure gurutz aintzatsua jarri...

Baina, ene Maitea, ez litzakit misio bat nahiko izango, ebanjelioa iragarri gurako neuke, aldi berean, munduko bost alderdietan, urrinen dagozan ugarteetaraino.

Baten baino gehiagotan entzuten dira honakoak andrazkoen agotik: zure bekaitzez naukazu, apaiz zaralako.

Baina, emakume hareek ez eben eztabaidarik sortu, euren agoetan ez zan Elizaganako mormorrik entzun, isil eta apal, santutasunaren itzalera jasan eben bereizkeria hori.

Baina gaur, gauzak guztiz aldaturik ageri dira.